Hasiera Munoaundi Azken Brontze - Burdin aroa

Azken Brontze - Burdin Aroa

E-posta Inprimatu PDF fitxategia

Gure Aroaren aurretiko I. milurtekoan zehar gertatu ziren prozesuek Euskal Herrian kokatzen ziren taldeen bizimoduak eta antolaketa zeharo aldatu zituzten. Garai horretan garatu ziren berrikuntzak eta ekarpenak gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioaren oinarritzat har daitezke: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren zabalkundea, hirigintzaren garapena, burdinaren metalurgiaren sorrera, etab.

Gipuzkoan hamar herri harresitu ezagutzen ditugu eta aire zabaleko beste bizitoki batzuk. Horrez gain, mairubaratzak ohikoak dira gure lurraldearen ipar-ekialdean.

BIZIMODUAK

Munoandi5Gure Aroaren aurretiko lehenengo milurtekoan zehar oinarri ekonomiko nagusienak nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren. Basoen deforestazioa nabaria izan zen zerealen laborantza eta abereentzako eremu zabalak lortzeko asmoz (baita, jakina, beraien herriak eraikitzeko ere). Zerealak (garia, garagarra, artatxikia,...) eta lekaleak (ilarrak, babak,...) ereiten zituzten.

Abeltzaintzari dagokionez ere aurrerakuntza izugarria jaso zuen. Honen lekukoak diren hezur zati asko berreskuratu dira, ehiza jarduera gero eta gehiago baztertuz, azkeneko mendeetan jarduera marjinala bilakatu zela erakusten dutenak. Behiak, ardiak, ahuntzak, txerria etxekotu eta oreina eta basurdea ehizatzen zituzten, besteak beste.

Jarduera hauetaz gain, ezin dugu ahaztu gizarte hauetan basa-fruitu eta landareen bilketak izan zuen protagonismoa, Historiaurrean bezala eta duela gutxi arte, elikaduraren zati garrantzitsua osatuko baitzuen, bai gizakiarena, bai abereena.

Bestalde, metalurgiaren inguruko lanak oso garrantzitsuak izan ziren momentu honetan. Aldaketa handiak izan ziren, bai teknikaren aldetik, bai, mineral berrien ustiapenetan. Horrela, I. milurtekoaren bigarren erdialdean, burdina lantzen hasi ziren, ekonomiaren gainontzeko arlo guztietan aurrerakuntzak ekarri zituena.

HERRI HARRESITUAK

Munoandi6Burdin Aroko herri harresituak leku estrategikoetan kokatuta ohi daude, pasabide nagusiak eta inguruetako zonalde zabalak kontrolatzen dituzten lekuetan. Normalean leku hauek babes naturalak zituzten, beti puntu altuenak aukeratuz. Honetaz gain, haiek eraikitzen zituzten egitura artifizialekin lekuak ondo babestuta zeuden: harresiak, hobiak eta terrazak. Albiztur eta Tolosa artean dagoen Intxur herri harresitua, adibidez, kilometro eta erdi dituen harresi-lerroaz eta 4 metroko sakonera duen hobiaz inguratuta zegoen, sarbidea oso zaila zelarik.

Herri hauen barnean eraikitzen zituzten etxeek, zonaldearen arabera ezaugarri desberdinak zituzten, bertan eskura zituzten materialez eraikita baitziren. Horrela, egurra, harria eta buztina erabiltzen zituzten; batzuetan, haitza egokitzen zuten etxe-egiturak altxatzeko.

II. Burdin Aroan, gure Aroaren aurretiko lehenengo 400 urteetan gutxi gorabehera hirigintzaren lehendabiziko urratsak izan ziren. Adibidez, Nafarroako Alto de la Cruz edo Arabako La Hoyan, biak zonalde lauan eraikitakoak, sare-formako hirigintza dokumentatu ahal izan da, etxeak etxadietan antolatuta. Zonalde aldapatsuetan, berriz, altuera desberdinetan terrazak egiten zituzten, bertan etxeak eraikitzeko.

HILERRIAK

Burdin Aroko beste ezaugarri nabariena hildakoak lurperatzeko modua da. Lehenagoko garaietan hildakoak lurperatzen bazituzten ere, garai honetan errito berria sartu zen: errausketa, alegia, hildakoa erraustu ondoren bere errautsak lurperatzen zituzten.

Modu desberdinak erabili ohi dira : hobekien ezagutzen direnak megalitikoak dira, harrespilak, eta gutxiago ezagutzen direnak, berriz, urna-landa motako edo harkutxez osatutako hilerriak.

Harrespilei dagokionez, Euskal Herriko zonalde mugatu batean, zehazki ipar ekialdean, aurkitzen direla esan behar da; mendebaldetik Leitzaran ibaia muga dutela, handik Pirinioetako mendi-lerroak jarraitzen dituzte Andorraraino.

MAIRUBARATZAK

Munoandi7Harriz osatutako zirkulu hauek, harrespil, jentilbaratz edo mairubaratzak deiturikoak, banaka edo multzoetan biltzen dira, eta artzaintzarekin lotu ohi dira, artzaintza-eremuetan kokatuta baitaude. Hildakoen errautsak zirkuluaren erdian kokatzen zituzten, harrizko harlauzez eginiko kutxa batean, zeramika ontzi batean edo lurrean bertan eginiko zulo batean. Harrespil hauen indusketetan errauts eta ikatzekin batera azaltzen diren ostilamenduak oso urriak dira: suharriak, kuartzo-beirak, zeramika zatiak edo metalezko tresnak, besteak beste.

X. Peñalver arkeologoaren hipotesia jarraituz, hileta-monumentu mota honek duen berezitasuna eta mugatasunari erreparatuz gero, talde kohesionatu bati legokioke eta, badirudi herri harresituekin lotura zuzenik ez zutela izango. Momentuz, Gipuzkoan, bai herri harresituen hilerriak, bai harrespilen eraikitzaileen bizitokiak bilatzeko lanean dihardugu, bi mundu hauek hobeto ezagutu eta bien arteko harremanak ulertzeko helburuarekin.