DESKRIPZIOA
Munoaundi 381 m-ko altuerako mendi batean eraikita dago. Harrizko harresi batek tontorra inguratzen du, ekialdeko zonaldetik izan ezik, bertan malda handia dagoenez ez du babes handirik behar. Aztarnategiak ia 7 hektarea ditu.
Harresiaren gain eta azpialdetik bi aterrazamendu daude batez beste 10-15 m-ko zabalera dutenak. Hauek ere ekialdean desagertu egiten dira. Ditugun datuen arabera, etxebizitzak eta lan egiteko egiturak goiko zelaigunean altxatuko zituzten.
IKERKETAREN HISTORIA
Munoaundi aztarnategia 1995. urtean aurkitu genuen, G. Alijostes, A. Olano eta S. San Josek osatutako lantaldeko kideek, C. Olaetxeak koordinatutako miaketa arkeologiko sistematikoen bidez.Geroztik, zenbait ikerketa isolatu egin genituen 1998 eta 2000 urtean. Egun egitasmo orokor baten barnean, indusketa arkeologikoa egiten ari gara, aztarnategia orokortasunean ikertzeko eta musealizatzeko helburua duena.
BEHIN-BEHINEKO EMAITZAK
MATERIALAK
Egindako lanei esker, herri harresituaren barnean garatzen ziren eguneroko jarduerekin erlazionatutako zenbait objektu berreskuratu ditugu: eskuz egindako zeramika zatiak, ertz zuzenak edo pixka bat irekiak dituztenak eta baita tornuzko zatiak ere. Haien artean tamaina handiko ontzi baten ertz molduratua aipatu behar dugu, ziur aski jakiak biltzeko erabili zutena.
Burdinazko materialen artean, labana baten zatia edo lantza-punta baten osagaia den lantza-txurro bat aurkitu dugu, makilaren behealdean txertatzen den objektua. Brontzezko fibula eta pisua lehen aipatu ditugu, apaingarri eta merkataritzari buruzko informazio zuzena ematen digutenak, hurrenez hurren.
Harrizko tresneriari dagokionez, leuntzaile/kolpekari bezala erabilitako errekarriez gain, errota zirkular baten zatia jaso dugu, Gipuzkoan aurkitzen den lehena.
Horrez gain, nekazaritza lantzen zutenaren aztarnak ere jaso ditugu: lehenengo zereal ale kaltzinatuak, hain zuzen ere. Horrez gain, ezkurrak edo bestelako fruituak ere jasotzen zituztela badakigu.
EGITURAK
Gaur egungo informazioaren arabera, ondoen ezagutzen ditugun elementuak, beharbada, babesarekin lotutako egiturak dira. Alde batetik, harresia lehorrean altxatutako hareharriz egindako bi hormez eraikita zegoela badakigu. Erdian, lur eta harkoskorrez osatutako betelana sartzen zuten egitura indartzeko. Guztira, 2 m-ko zabalera izango zuen eta altuera, berriz, 3-4 metrokoa izan zitekeen.
Bestetik, aztarnategiaren mendebaldean herrira sartzeko sarbidea aurkitu dugu. 2 metroko zabalera duen sarrera da, harresiari elkarzut irekitzen dena. Honen alboan dorre edo babes-egitura bana dauka, biak harrizkoak eta batez beste 12 m-ko alboa izango dutenak. Oinplano osoa atera ez dugun arren, laukizuzenak edo poligonalak izango dira. Harresiarekin bat egiten dute eta atea babesteko funtzioa izango zuten.


