
Aztarnategi osoan miaketa arkeologikoak egin genituen, eremu nagusienak detektatzeko asmoz. 40 kata baino gehiago egin genituen.

Indusketa arkeologikoa hasi genuen aztarnategiaren mendebaldean, harresiaren sarbidea bilatu nahian. Eremu handiko indusketa bat zabaltzeak ahalegin handia dakarrenez eta urte horretan indusi baino, denbora gehiago eman genuen eremuan moztutako pinuen adarrak ateratzen, geruza begetala kentzen, etab. Boluntarioak gogor aritu ziren eta eskertzekoa da egin zuten lana.

Miaketa magnetikoak eta geofisikoak egin genituen indusketa hasi aurretik, harresi egituren kokapena aurreikusteko. Eroritako harrien artean zaila zen horma bereiztea eta georradarraren laguntza osagarria izan zen, indusketa hasteko.
Ekinaldia bukatu baino lehen sarrera mugatzen zuten hormaren lerrokadurak bagenituen, sarbidea zela ziurtatu genuen eta bi dorre edo babes-eraikinak itxura hartzen ari ziren.
Horrez gain, errota zirkular bat aurkitu genuen, aztarnategi honetan nekazaritzarekin lotura izan zezakeen lehenengo aztarna eta Gipuzkoan dagoen tipologia honetako adibide bakarra, gainontzekoak itsasontzi formakoak baitira.

Aurtengo ekinaldian zehar, sarbidea eta babes-egiturak industen jarraitu dugu. Batzuetan zaila da eroritako harrien artean hormen lerroak bereiztea, eraikinak nahiko hondatuta baitaude, baina zenbait lekutan garbi azaltzen ari dira.
Horrez gain, iaz errotak nekazaritzako informazioa eman bazigun ere, ekinaldi honetan lehenengo zereal aleak berreskuratu ditugu, jarduera hau praktikatzen zutela argi adierazten digutenak.

2010eko abuztuaren lehenengo hiru asteetan egin dugu Munoaundi (Azkoitia-Azpeitia) Burdin Aroko herri harresituaren indusketa arkeologikoaren V. ekinaldia. Bertan Aranzadi Zientzi Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Saileko arkeologoen zuzendaritzapean 25 boluntario baino gehiagok parte hartu dute. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitia eta Azpeitiko Udalek finantziatu dute eta Iraurgi Lantzenek sustatu du.
Landa-lanak indusketaren 2007an irekitako 1. eremuan egin ditugu, Munoaundiko herri harresituaren sarbidea eta babes-egiturak ikertzen jarraitzeko asmoz. Hormetatik eraitsitako harri-pilaketa altxatu eta herriaren sarbidea mugatzen duten “dorre” edo babes-egituren muruak mugatu ditugu.
Emaitza adierazgarrienen artean, aipatu behar ditugu iparraldeko babes-egituraren ipar-mendebaldeko hormaren eta egitura beraren barneko muruen aurkikuntzak, eraikuntzen oinplanoa zehazteko oso baliagarriak izan direnak.
Horrez gain, sarbidearen galtzadan egurrezko egituren mugaketa azpimarratu behar dugu. Egur horiek bidearen gainean eroritako egur ikaztutakoen zatiak dira, eta bertan egon litekeen atearen edo dorreen gaineko zuresi baten zatiak izan litezke. Sendotu eta gero, aztarna hauek altxatu egin ditugu, zaharberritu eta ikertu ahal izateko.

Munoaundin egindako VI. ekinaldia 2011ko Uztailaren eta Abuztuaren artean burutu dugu. 1.indusketa-eremuan jarraitu ditugu lanak sarbidearekin lotutako egiturak aztertzeko asmoz. Aurtengo aurkikuntzen artean nabarmendu behar dugu iparraldean dagoen babes-egituraren barneko mugen dokumentazioa, bai mendebaldetik bai ekialdetik. Hegoaldean, berriz, harresiaren kanpoko horma-atala identifikatzen hasi gara.
Material arkeologikoari dagokionez, tornuzko zeramiken aztarnak aipatu behar ditugu, tamaina handiko ontzi baten ertz molduratu baten zatia eta ontzi txiki eta fn baten ertz irekia.



